Lankidetza-hitzarmenari esker, euskal enpresek laguntza izango dute trantsizio berdeari aurre egiteko eta susperraldi ekonomikoa arintzeko, ingurumenari lotutako irizpideak integratuz. Bi entitateek ingurumenari lotutako alderdien enpresa-kudeaketarako esparru bat garatuko dute, ekonomia zirkularrarekin, arintzearekin eta klima-aldaketara edo erosketa berdera egokitzearekin zerikusia dutenak, besteak beste.
Ihobe-Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak eta EUSKALITek hitzarmen bat sinatu dute bi entitateen arteko lankidetza-esparru bat ezartzeko 2025. urtera arte. Horrela, euskal industriaren trantsizio berdearen alde egingo dute, jardunbide egokien garrantzia nabarmenduko dute eta harremanetarako sareak erabiliko dituzte elkarrekin jarduerak garatzeko. Horien bitartez, euskal enpresa eta erakundeei estrategietan jasangarritasuna txertatzen lagunduko zaie, lehiakortasunerako faktore gisa, bai eta nazioarteko merkatuetan lekua egiteko ere.
Kudeaketa Aurreratuko Eredua abiapuntu hartuta, Ihobek ingurumenari lotutako alderdien kudeaketan sakontzeko esparru zehatz bat diseinatzen hartuko du parte, zeinak enpresa eta erakundeei lagunduko dien ingurumen-jasangarritasunarekin zerikusia duten alorretan txertatzeko ekintzak garatzen, besteak beste, ekonomia zirkularra, arintzea eta klima-aldaketara edo erosketa berdera egokitzea.
Bestalde, hitzarmenean ere prestakuntzari lotutako konpromisoak jaso dira, adibidez, EUSKALITek kudeaketa-modulu bat eskaintzea Basque Circular Hub zentroan, Euskadiko ekonomia zirkularraren zerbitzu aurreratuen zentroa. Bestalde, Ihobek honako hauen gaineko edukiak aztertuko ditu: ekonomia zirkularra, jasangarritasuna edo ekodiseinua, KnowInn metodologien katalogoan sartzeko aukera duten kasuetan.
Bi entitateek jardunbide egokiak eta ingurumeneko eta kudeaketa aurreratuko edukiak bultzatuko dituzte Kudeaketa Aurreratuko Europako Astean (EUSKALITek zuzendua) eta Ekostegunak – Ekoberrikuntza eta Ekoeraginkortasunaren Ostegunak programan, Ihobek antolatzen dituen jardunaldi teknikoak, non ekonomia zirkularrarekin zerikusia duten alderdiak eztabaidatuko diren, legegintzaren edo arau teknikoen berritasunak eta merkatuko aukerak eta betekizunak abiapuntu hartuta.
Ihobek eta EUSKALITek sinatutako hitzarmena bat dator Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak bultzatu duen Euskadiren Itun Berdearen helburuekin, non enplegua sortzeko suspertze ekonomikoa areagotzen den, eraldaketa digitala, ekologikoa eta soziosanitarioa lehiakortasuna indartzeko aukera gisa onartuz.