Azaroaren 13an eta 14an Kudeaketa Aurreratuaren Biltzarra egin da, EUSKALITek koordinatua, eta 500 pertsona baino gehiago bertaratu dira..
Kongresua beste erakunde batzuen lankidetzari esker egin ahal izan da, hala nola, Bilbao Metropoli 30, Lantegi Batuak, Basque Cybersecurity Centre edo Emakunde. Bi egun horietan, kudeaketaren arloko gai garrantzitsuak jorratu dira, 4.0 ingurunea eta digitalizazioa, industria-produktibitatea, pertsonen kudeaketa eta Garapen Iraunkorreko Helburuak besteak beste.
Azaroaren 13an, 4.0 inguruneari eta produktibitateari eskainitako egunean, Arantxa Tapia, Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasuneko Sailburuak inaugurazioa egin zuen, eta "landu beharreko hiru ardatzei buruz, hau da, digitalizazioa, pertsonak eta produktibitatea" hitz egin zuen. "Ezinbestekoa da pertsonek zer zeregin izango duten jakitea, nola eragingo dien, eta horrek guztiak produktibitatean nola eragingo duen jakitea".
Inaugurazio-hitzaldia Idoia Salazarrek eman zuen, Adimen Artifizialaren etikan aditua den, eta IAko Inpaktu Sozial eta Etikoaren Behatokiko kide eta sortzaileak (OdiseIA). Bertan nabarmendu zuenez, “enpresetako etengabeko prestakuntza funtsezkoa da adimen artifizialaren eragina ulertzeko eta benetan erabilgarriak diren gauzetarako erabiltzeko”.
Azaroaren 14an, Pertsonei eta Gizarte Ongizateari eskainitako egunean, Beatriz Artolazabal, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailburuak jardunaldia ireki zuen, eta azpimarratu zuen “erakundeen eta enpresen onura nagusia pertsonetan dagoela. Gizarte-garapena ezin da BPGan soilik neurtu. Gure helburuak ulertu behar du gizarte-ongizatearen oinarria pertsona dela”.
Gainera, Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendaria eta Leyre Madariaga, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako zuzendaria ere izan ziren. Azken honek 2030eko Agendari buruzko txostena eta euskal enpresek GIHei egindako ekarpenari buruzko ekitaldia ireki zuen.
EUSKALITek aurten ere koordinatu du Euskadiko Kudeaketa Aurreratuaren Europako Astea. Aurten 25. edizioa bete da eta azaroaren 5etik 15era egin da. Guztira 40 ekitaldi antolatu dituzte 50 bat erakundek, eta SPRI Taldearen eta Bahía de Bizkaia Gas enpresaren laguntza izan dugu.