500 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute Kudeaketa Aurreratuaren Biltzarrean, urtero egiten den Kudeaketa Aurreratuaren Europako Astearen programaren baitan, EUSKALITen koordinazioarekin.
Urriaren 16an eta 17an egindako Kudeaketa Aurreratuaren Biltzarraren ondorio nagusietako bat izan da talentuaren kudeaketa eta fidelizazioa funtsezkoak direla iraunkortasun integraleko eredu baterantz aurrera egin nahi duten erakundeentzat, ekonomia, gizarte eta ingurumen dimentsioak kontuan hartuta. Horretarako, bide hori egiten ari diren euskal erakundeak bildu ditugu, iraunkortasunaren integrazioa eta talentuaren garapena sendotzeko proposamen zehatzekin.
Hilaren 16an, lehiakortasun iraunkorrari eskainitako egunean, Macarena Larreak, Orkestrako senior ikertzaileak, lehiakortasun iraunkorreko ereduetarako trantsizioak eskaintzen dituen aukerak kontatu zituen, Europako araugintza lurreratzeko tresnak izatearen garrantzia azpimarratuz, batez ere deskarbonizazioaren esparruan. Ildo beretik hitz egin zuen Txema Fernándezek, IHOBEko Ekonomia Zirkularreko zuzendariak, Europako "Industria Itun Garbi" berriak eskainiko dituen aukerak aztertzean: "Agenda horren garapenarekin konprometitzeko garaia da; izan ere, aurrerapausoak eman diren arren, Europak puntu kritiko batean jarraitzen du trantsizio jasangarriari dagokionez, industriarako baliabide naturalen kontsumoa finkatutako helburuetatik oso urrun baitago oraindik". Bestalde, Asier Aranbarrik, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Berrikuntzako zuzendariak, urte hauetan 2030 Agendaren hedapenean egindako bidea eta Lehendakaritzaren barruan Zuzendaritza honek gidatzen duen Garapen Iraunkorreko Helburuen garapenari egindako ekarpena azaldu zituen. Egindako ekintzen artean, gizarte zibileko eragile askorekin eta, bereziki, EUSKALITekin izandako lankidetza nabarmendu zuen, GJHak erakundeetan ezartzeko markoa garatzeko. Ander Terradillosek, CAFeko Inbertitzaileekiko, Iraunkortasunarekiko eta Kudeaketa Ereduarekiko harreman-arduradunak, konpainiaren eredua azaldu zuen. Eredu horrek «jasangarritasunaren erronka darama bere DNAn, eta, gainera, konpromiso hori bere balio-katearekiko katalizatzen du». Gai hori ez da beti erraza, «aldaketak gertatzeko abiadura eta Europatik datorren araudi-eskakizuna ez baitator beti bat merkatu globalen (gurea bezala) lehia-premisekin». Ildo beretik mintzatu zen Jone Nolte, ASLEko gerente eta EUSKALITeko presidenteordea, eta nabarmendu zuen neurriak, eskakizunak eta itxaropenak egokitu behar direla enpresa ertain, txiki eta oso txikiz osatutako ehun produktibo batera, gurea kasu.
Gainera, Spri, Sutargi eta GEAcounting-en jardunbide egokiak izan genituen, eta Bikaintasun Zentro gonbidatu bat izan genuen ere bai, ICECYL-Instituto para la Competitividad Empresarial de Castilla y León, HIPERBARIC enpresarekin batera. Enpresa horrek Hidrogeno Berdea Konprimitzeko Teknologiari buruzko bere praktika kontatu zuen, ekonomia deskarbonizatzeko eta mugikortasun jasangarrirako.
Hilaren 17an, talentuaren fidelizazioa ardatz izan zuena, Leire Lagunilla Bizkaia Talenteko koordinatzaile nagusiak parte hartu zuen. Bizkaian karrera profesionalerako aukerak erakartzeko eta eskaintzeko egiten duten laguntza-prozesua zertan datzan azaldu zuen, eta marka enplegatzailea lantzearen garrantzia nabarmendu zuen. Ikerbasquetik, Miguel Ángel Arocena zuzendari nagusiak, nabarmendu zuen euskal ekosistema erakargarria izateak egiten duen ekarpena, ibilbide luzeko apustuei esker talentu ikertzailearentzat helmuga bihurtzeko gai izan dena. Gainera, gazte talde batek zuzenean aurkeztu zituen EAEko hiru unibertsitateetako, EHUko, Deustuko eta Mondragon Unibertsitateko eta Don Bosco lanbide-heziketako zentroko 18 eta 24 urte bitarteko ikasleei egindako inkesta baten emaitzak, gazteek lan-munduan sartzeko dituzten itxaropenak ezagutzeko.
Enplegu-baldintzak, soldata duina, lan-baldintza malguak eta hazkunde profesionala baloratzerakoan, bere eskaera nagusiak dira. Talentu-ihesaren arrazoiei buruz galdetzean, zentro guztiak bat datoz lan-baldintzak, karrera garatzeko mugak eta prekarietate soziala (etxebizitza eskuratzea, desberdintasunak...) adieraztean.
Azkenik, COIIBek eta Plataforma 50ek, Ede Fundazioak eta Bilbao Basurto-Osakidetza ESIk parte hartu zuten jardunbide egokiekin.
EUSKALITen Kudeaketa-bilatzailean erabilitako aurkezpen guztiak ikus ditzakezu, baita gure youtubeko kanaleko grabazioak ere.