700 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute, aurrez aurre eta online, EUSKALITek urriaren 19an eta 20an Bilbon antolatu zuen Kudeaketa Aurreratuaren Kongresuan. 12 erakundek partekatu zituzten jardunbide egokiak eta ikaskuntzak, prozesuen berrikuntzaren eta talentuaren kudeaketaren, aniztasunaren eta inklusioaren inguruan, Kongresu honen ardatz nagusietako bi hain zuzen.
Kongresuaren lehen jardunaldian, Javier Ormazabalek (Velatia), Jone Noltek (ASLE), Marian Ibarrondok (Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila) eta Aitor Uriondok (Axular Lizeoa, Hezkuntzan Kudeaketa Aurerratua Taldea) beren erakundeen erronkak eta ikaskuntzak errepasatu zituzten, prozesuen berrikuntza txertatzeari dagokionez. Gai hori erakundeen lehiakortasuna bermatzeko gako gisa definitu dute. Sektoreen, tamainen eta zerbitzuen artean alde handiak dauden arren, adierazi zuten "prozesuetan berritzea porrotaren aurkako antidotoa dela, erakunde baten energia norabide egokian dabilela ziurtatzeko aukera ematen duelako". Era berean, "berrikuntza horri modu sistematikoan ekitearen garrantzia" nabarmendu zuten, "ingurune bakoitzaren berezitasunetara egokituz, baina irismen eta helburu luzeko begiradarekin". Kontua da egoera berriei aurrea hartu ahal izatea, eta gaur egungo testuinguruan, kudeaketa-sistema sendo batetik soilik egin daiteke.
Bestalde, urriaren 20ko bigarren jardunaldian, Sergio Murillo, Bizkaiko Gizarte Ekintzako diputatuak, Ibon Antero, Iraunkortasun eta Gizarte Eraldaketarako arduradunak Mondragonen eta Goizalde Santamarina, IMH Campuseko Prestakuntza eta Garapen arduradunak, pertsonen kudeaketak dituen erronkak aztertu zituzten, guztia aldatu den ingurune batean. Esan zutenez, "kezka handia dago, baina gure agendetan, lehentasunez, kudeaketa proaktiboagoa eta indibidualizatuagoa sartzea falta da, kafea guztiontzat, hau da, kudeaketa-politika unibertsalak, ez baitute balio inoiz baino askotarikoagoa den testuinguru batean". Ildo horretan, enpleguaren kontzeptutik enplegagarritasunaren kontzeptura igarotzeko beharra adierazi zuten: "Pertsona bakoitzak ibilbide bizia egiten du bere bizitza profesionalean, eta erakundeek, publikoek zein pribatuek, etapa batetik besterako joan-etorrietan laguntza bermatu behar dugu".
Prozesuen berrikuntza eta pertsonak: erakunde baten oinarriak eta Kudeaketa Aurreratuaren gakoak
Kongresu honen funtsezko helburuetako bat erakundeen kudeaketa-praktikak partekatzeko topagune bat ezartzea da. Lehen jardunaldian, urriaren 19an, sei erakundek aurkeztu zituzten prozesuak berritzeko proiektuak: SPRIk, lehiakortasuna zaintzeko tresnarekin; Gipuzkoako Foru Aldundiak, BOOST, herritarrei entzuteko tresna aurkeztu zuenak; BNEFIXek eta EHUk, enpresa txiki eta ertainetan jasangarritasunaren arloan egindako aurrerapena ebaluatzeko eta monitorizatzeko gida; EGA Masterreko ikaskuntza-prozesua, Ega Solutions spin-off-a sortzeko; Prosertek prestakuntzarako aplikazio mugikorra, eta, azkenik, OSAKIDETZAren Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta ESIko prozesuak berriz diseinatzeko metodologia.
Bigarren jardunaldian, eta pertsonen kudeaketaren, aniztasunaren eta inklusioaren ardatzaren inguruan, beste sei erakundek beren ereduak, proiektuak eta ikaskuntzak aurkeztu zituzten. Hala, APNABIk talentua bilatzeko eta hautatzeko prozesua azaldu zuen; Bilbao Metropoli 30ek eta Bizkaia Talentek Talentia Skills programa; Velatiak talentua identifikatzeko, erakartzeko eta fidelizatzeko sistema; Lantegi Batuak-ek pertsonen kudeaketaren ikaskuntzak; Mondragon Goi Eskola Politeknikoak eta FERRAGUINOXek, HCD Facility tool tresna, pertsonek arazoak konpontzen parte hartzeko; eta Osartenek GARATUZ eredua, laneko segurtasuna, osasuna eta ongizatea garatzeko.
Kongresua bere osotasunean gure Youtubeko kanalean ikus dezazkezu
AURKEZPEN GUZTIAK gure Kudeaketa bilatzailean eskuragarri daude
Kongresuaren ARGAZKIAK